Irene Goikoleak 25 urte hauetan life coach gisa garatu duen lana bost zutabetan dago sendo sustraiturik, eta ikuspegi psikoespiritual batetik heltzen die: femenino sakratua denera iratzartzea, sentiberatasunaren ahalmena, itzalaren lanketa, arimaren berreskuratzea, eta ekologia emozionala.


life coach

FEMENINO SAKRATUA DENAREN ALORRA

Femenino sakratuaren alorrak bizitzarekin dugun lotura adierazten du eta eguneroko ekintza oro sakralizatzeko ahalmena du, gogoa, zentzua eta sentimendua eransten dizkiola. Energia indartsu horrek sentiberatasuna, zaurgarritasuna sentitzera garamatza. Bere tasun esanguratsuenak, berriz, honako hauek dira: interrelazioa, kolektibitatea, integrazioa, batasuna, urkoarekiko arreta, osatzea, nutrizioa, errukizko ekintza eta sentitzeko gaitasuna.

Bere ikastaro eta tailerretan, Irene tasun horiek iratzartzera zuzentzen da, gugandik baztertzen ditugun alderdi guztiak besarkatzeko gaitzen baikaituzte.

SENTIBERATASUNAREN AHALMENA

Garapen pertsonalerako ikuspegi honen ardatza da sentiberatasun sentimenduekin kontaktatzeko dugun erresistentzia, onartu gabeko min bat daramate eta.

Irenek bereizi egiten ditu mina eta sufrimendua. Mina bizitzarako atea da; sufrimendua, aldiz, mina sentitzeko gogortasunetik sortzen da.

Ildo horretan, sentiberatasun-sentimenduak espazio enpatiko eta seguruan ukitu eta partekatzeko praktika garatu du, bai norberarentzako baita besteentzako errukia helburu eta bide hartuta.

Sentiberatasunera heltzeak aukera ematen du, era berean, arimako zati aldenduak berreskuratzeko eta geure-geurean denera iristeko. Norberaren arima berreskuratuta, arima kolektiboari edo munduko arimari, anima mundiri, lotzen gatzaizkio.

ITZALAREN LANKETA

C.G. Jung psikologoak zioenez, itzalaren kontzeptuak egoak geure buruaz eraiki dugun irudiarekin bat ez etortzeagatik arbuiatzen dituen geure nortasunaren zatiez dihardu.

Itzalaren lanketa zera da, inkontzientearen eremuan diren edukiak kontziente egitea alegia, horiek agintzen dutelako gure ekintzetako askotan.

Tailerretan hainbat gune eskaintzen du Irenek, bertan alderdi ilun hori begiratu ahal izateko, ez zerbait negatibo gisa, gizaki ororen berezko zati modura baizik. Xedea alderdi horri geure baitan eustea da, integratzea lortu arte, integratutakoan bizitza- eta sormen-energia bilaka dadin.

ARIMA BERRESKURATZEA

Sri Aurobindok, ekialdeko yogi eta filosofoak, esan zuen arima prozesu baten emaitza zela, non psikea, hots, izaki bizidun orotan eta materia orotan den jainkozko txinparta, norbanakotasuna garatzen hasten den eboluzioan zehar, behetiko gorputzen kontrola, hau da, gorputz mentala, gorputz bitala eta gorputz fisikoa, bere gain hartuta.

TArima berreskuratze lanaren ezagutza eta ohiko praktika tradizio indigena guztiek izan dute. Lan honek bizipen traumatiko batzuren erruz norberagandik aldendurik diren zatiak berreskuratzea du xede.

Zenbaitetan, lan honek bizitzaren jomugari esturik lotuta dauden dohain eta gaitasun pertsonalak berreskuratzea dakar. Besteetan, arimaren sakontasunean aritzeak lagundu egin dezake bizitzan bete-betean partehartzeko oztopo zaiguna desegiten.

Arimaren batasuneranzko bideari Irenek “arimaren ekologia” deritzo.

EKOLOGIA EMOZIONALA

Duela 20 urte baino gehiago Irene "ekologia emozionala” hitza erabiltzen hasi zen bere hitzaldi eta tailerretan, bere lana oinarritzeko bururatu zitzaion kontzeptua. Hamar urte geroago, termino hori arrunta bihurtu zen psikologia eta soziologia gisako zientzien argotean.

Barne-eraldaketako lanak kanpoa aldatzen laguntzen duela da ekologia emozionalak duen ardatza.

Ikuspegi horren arabera, gizakia berez mikrokosmos txiki bat da, aldi berean, Lurra eta honen gizarte- eta ingurumen-eremuak biltzen dituen makrokosmos baten parte dena.

Ireneren esanetan, hainbesterainokoa da mikro eta makroren arteko elkarrekintza, "gizakiaren kutsadura emozionala ingurumenaren kutsaduran islatzen dela, eta alderantziz".

Hori dela eta, barne-behaketa sustatzen du emozioak desblokeatzea xede hartuta, ukatutako sentimenduetara iriste aldera. Sentimenduei jariatzen uzten diegunean, garbitu egiten dira emozioak nahiz pentsamenduak, eta horrek eragina du osasunean, eta beraz, inguruan ere bai.